gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2008ko urriak 7, asteartea

Erreportaia

DONOSTIAKO ARRANTZA GAUR EGUN, ETORKIZUNERA BEGIRA

70eko urteetako krisialdiaren ondotik jarraitutako politikaren eta Europako Komunitatean sartu izanaren ondorioz, Donostiako baxurako flota, oro har euskal flotak bezala, oso murrizketa latza jasan zuen. Inguraketa-arrantzan eta beita bizikoan ari ziren arrantza-ontziak, neurri handienekoak alegia, 20tik 4ra jaitsi dira, laurogeiko azken urteetatik gaur egun arte. Aitzitik, aparailu txikiagoekin aritzen direnak, epe berean, 4tik 18ra igo dira.

Donostiako baxurako flota txikiaren jarduera kostaldetik hurbileko kaletan biltzen da nagusiki, eta atunak, berdela, txitxarroa, antxoa eta sardina izaten dituzte jomugan. Sarrera handienak ematen dituen espeziea hegaluzea da. Gainera, aparailu txikiekin aritzen den flota balio handiko espezieen arrantzan aritzen da, eta errentagarritasun handiagoa lortzen du.

Donostiako arrantza jarduerak, azken hamarkada hauetan zehar, jaitsiera kezkagarria izan du. Ezinbestekoak dira analisi kritiko bat eta etorkizuna ziurtatzera begira hainbat neurri aplikatzea.

Arrantza jarduerak hiriaren bilbe ekonomikoan duen balioa neurtzean gutxietsi egiten da, ez delako kontuan hartzen hiriak turismoa erakartzeko duen indarrean betetzen duen eginkizuna. Eta garrantzi ekonomikoa eta turismoaren gaineko eragina alde batera utzirik ere, ez dugu ahantzi behar arrantza portua, Donostiaren sorburuaren lekukotasun bizia izanik, lehen mailako kultur eta nortasun erreferente bat dela.

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2006 Kultura Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoako Foru Aldundia.
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net